XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Einstein-ek zuen konbikzio hau, hain emankorra gehienetan, beraren aurkakoa bilakatuko zen Mekanika Kuantikoaren arloan: Inoiz ezin izan zuen, aurresan kuantikoen izate probabilistikoa onartu.

Geroago ikusiko dugunez, beraren ustez, Mekanika Kuantikoa ezin izan zitekeen mundu mikroskopikoaren adierazpen bukatua.

Arlo honetan, dirudienez, bere konbikzio deterministak Einstein-en aurka joko zuen.

Fisikariek Erlatibitatearen Teoriaren aurrean izan zuten erreakzioa.

Erlatibitatearen Teoria ez zen bapatean izan onartua, bestela badirudi ere.

Michelson-Morley-ren experimentuaren berri zuzena ematen bazuen ere, ba ziren ezeztatzen bide zuten beste gertaera enpiriko batzu ere.

Einstein-en artikuluaren argitaratzetik urtebetera, Kaufmann-ek izenpetutako artikulu bat agertu zen aldizkari berean, eta beronek zioenez, beraren experimentuen emaitzak Einsteinen teoria ezeztatzen zuen: Ondoren aurkezten diren neurketen ondorio nagusia, jadanik aurreratu nahi dut: Lortutako neurketak ez dira Lorentz-en eta Einstein-en oinarrizko postulatuekin konpongarriak.

Einstein-ek, lan sakona medio zela ere, ezin izan zuen inolako okerrik aurkitu Kaufmann-en lanean.

1916.ean, Guye eta Levanchy-k Kaufmann-en tresneria defizientea izan zela frogatu zuten.

Ez ziren izan, ordea, Einstein-en aurresanen aurka agertu ziren experientziak, hainbeste fisikari Einstein-en teoria begi txarrez begiratzera bultzatu zituztenak.

Kontzeptuen mailan, maila teoriko eta logiko soilean egon zen erreakziorik handiena.

Espazio eta denbora absolutuen bazterketa, masa abiaduraz handitzea...... gehiegi zen eskema klasikoaren arauerako lanetan ohituta zeudenentzat.

Lanean ziharduten, teoria berria baztertuko eta zaharra berrindartuko zuen teoria bat agertzearen esperoan.

Lorentz hauetako bat zen.

1909.ean hauxe idatzi zuen: (...).